Orain, txalotu egingo zaitugu

“ORAIN, TXALOTU EGINGO ZAITUGU” Kanpainaren aurkezpena

Aurten ere, Nafarroako Gizarte Erakundeen Plataforma (PES) osatzen duten lau erakundeek, hau da, Nafarroako GGKEen Koordinakundeak (CONGDN), Ekonomia Alternatibo eta Elkartasunezkoaren Sareak (REAS Nafarroa), Pobreziaren  kontrako Sareak, eta Desgaitasuna duten Pertsonak ordezkatzen dituzten Nafarroako Erakundeen Batzordeak (CERMI Navarra-Nafarroa, CERMIN), betiere Nafarroako Gurutze Gorriarekin batera, Orain, txalotu egingo zaitugu” kanpaina aurkeztu dute astearte honetan. Errenta aitorpenari buruzko kanpaina da, eta nafar herritarrak animatu dituzte “gizarte xedeetarako” laukia aukeratzera.

 

Horrela, Gizarte Erakundeen Plataforma (PES) osatzen duten 150etik gora erakundeek eta Gurutze Gorriak oroitarazi nahi dute nafar herritarren ekarpenari esker garatzen dituztela egoerarik ahulenean dagoen jendearendako programak, herritarrek errenta aitorpeneko gizarte xedeetarako laukia markatzearen ondorioz.

 

Azken hilabete hauetan, gizarteak kohesioa erakutsi du beren jarduera antolatzeko, zainketa-sareen bidez elkarri laguntzeko eta erakundeen artean lankidetzan aritzeko; egunero txalotu da pertsonen zainketan ari direnen lana. Hortik heldu da “orain, txalotu egingo zaitugu”: izan ere, egungo egoeran, hau da, krisiak osasungintza, gizartea eta ekonomia jo dituen honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da herritarren ekarpena, pandemiak eragin ditzakeen kalteak arintzen eta murrizten saiatze aldera.

 

Aurten, berriz ere, laukia zuri uzten dutenen aitorpenak izanen dira bereziki Kanpainaren ardatz. Izan ere, laukia zuri uzten duten aitortzaileen % 20,06 hori izanen dira Kanpainaren jomuga. Guztira, 99.581 lagun dira (% 1,35 gehiago, aurreko urtearekin alderatuta). Ez dira batere datu onak, eta gure iritziz, horren atzean hainbat arrazoi daude.

 

  • Errenta aitorpena lehen aldiz egin behar dutenek, askotan, aitorpena egina jasotzen dute, eta laukia zuri ageri da. Eta aukera hori herritarrek, beren ekimenez, aldatu behar dute. Hori jakinik, laukia markatzeko keinua errazte aldera, hainbat bideo egin ditugu azalpenak emateko, eta era berean, erreferentziazko kontaktuak, laukia telefono dei bakar baten bidez markatzeko.
  • Pertsona batzuek, gainera, ez dute laukia markatzen gehiago ordaindu behar dutelakoan edo gutxiago itzuliko zaielakoan, eta ez da horrela. Izan ere, gizarte xedeetarako laukia markatzen duzunean, erabiltzen ari zara zure zergak zertara bideratzen diren erabakitzeko duzun eskubidea.

 

Inork argibiderik nahi badu laukia markatzeko prozeduraz edota edozein aldaketa egiteko moduaz, dei dezala 948 505 505 o 948 505 zenbakira edo eska dezala www.renta.navarra.es / www.errenta.nafarroa.eus webgunearen bidez.

 

Kanpaina, halaber, gauza hauetarako baliatu nahi dugu:

 

  • Eskatu nahi dugu parekatu dadila nafar zergadunen egoera Estatuko zergadunek dutenarekin. Izan ere, Estatuan, bi laukiak (Eliza Katolikoa eta Beste Helburu Sozial batzuk) markatzen dituen zergadunak bere ekarpena bikoizten du (% 0,7+ % 0,7). Gure Komunitatean, aldiz, zatitu egiten da (% 0,35+% 0,35), nafar herritarrak desabantailan utzita

 

  • Eskatu nahi dugu sor dadila tributu-esleipen berri bat gizarte xedeetarako Sozietateen gaineko Zergan, Estatu mailan Estatuko 2019rako Aurrekontuen Lege Proiektuan jasoa dagoen bezala

 

  • Zerga politika bidezko eta birbanatzailea eskatu nahi dugu, eta berdintasunaren, ekitatearen eta justizia sozialaren aldeko zerga sistema bat ere bai.

 

HONA ZENBAIT DATU:

 

Iazko errenta aitortzeko kanpainan, guztira 235.217 pertsonak markatu zuten gizarte xedeetarako laukia; hau da, aitortzaileen % 47,38k. Horrek 9.359.952 euroko asignazioa eragin du Nafarroako 2019ko Aurrekontu Orokorretan.

 

Iaz, dirutza horrekin, eta lauki horren bidez, 280 proiektu baino gehiago finantzatu ziren Nafarroan desgaitasuna duten pertsonentzat, gizartean bazterturik dagoen jendearentzat, adinekoentzat, ingurumeneko programentzat eta nazioarteko lankidetzarentzat.

Gizarte xedeetarako ekarpenak gora egin du urtez urte 2010ko aurrekontuetako 5 milioi eurotik egungo 9,3 milioi eurora. Datuak, gure iritziz, arras ona dira eta eskertzekoak dira benetan.

 

Gaur abiarazi dugun Kanpainaren bidez, bi gauza nabarmendu nahi ditugu: batetik, gogorarazi nahi dizugu zerga horiek zertara bideratu aukeratzeko duzun eskubidea, eta bestetik, ikusgaitasuna eman nahi diegu diru horiei esker egin daitezkeen programa eta proiektu guztiei.

 

ORAIN, TXALOTU EGINGO ZAITUGU; MARKATU GIZARTE XEDEAK.

Compártelo en tus redes
Share on facebook
Facebook
Share on twitter
Twitter
Share on linkedin
Linkedin
Share on whatsapp
Whatsapp