Plan sozial eraginkor batek gizarte bazterketa egoeran daudenek pairatuko dituzten ondorio negatiboak leun ditzake.

Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Kontrako Nafarroako Sareak Plan Sozialaren proposamena aurkeztu du gaur, non krisi sanitario, sozial eta ekonomiko honen ondorio negatiboak leuntzeko neurri jakinak jasotzen diren.

Nabarmendu dute garrantzitsua dela honek Nafarroako gizartean eragin ditzakeen ondorioei aurrea hartzea, eta gizartearen ehuneko handi bat desabantaila egoeran dagoela jada. 2008ko krisiaren kolpearen ondorioz, pobrezia eta gizarte bazterketa % 22,2 areagotu ziren lehenengo urtean. Baina neurriak berandu hartzeak, behar bezain eraginkorrak ez izateak eta gizartearen eta osasunaren arloetan egindako murrizketek datu horiek areagotu egin zituzten, 2013an Nafarroan 93.9449 pertsona (% 75eko gorakada) zahurgarritasun-egoeran zeuden.

“Gaizki kudeatutako krisi baten eta kronifikatu egin den pobreziaren arteko harremana agerikoa da, eta egoera berri honen aurrean erne egotea eragiten digu. Une honetan autoritate ekonomikoek ematen dituzten datu makro eta mikroekonomikoak ez dira batere itxaropentsuak; baina datu horiez gain, pertsonen zaurgarritasuna areagotu egin dela ikusi dugu” ohartarazten du Sarearen batzorde iraunkorraren kide den Jesús García Salguerok. Halaber, gaineratu duenez “abiapuntua makalagoa da, herritarren zati bat ( % 12,6, 81.627 pertsona) gizarte bazterketa kronifikatua jasaten ari baita, eta pobreziatik ateratzeko apustua egiten duten neurri sozialak behar ditu”.

Osasun-krisiak gizarte bazterketa arriskuan dauden herritarrek jasaten dituzten desberdinkerian eta diskriminazioetan jarri du fokua. Baina langabeziaren gorakadak, elikagaien eskaera handitzeak eta diru-sarrera erregularren galerak agerian uzten dute neurriak gutxitu egin direla premiari erantzunez, baina Sarearen aburuz ekiten hasteko garaia da, betiere pertsona horien etorkizunean pentsatuz. “Lehengoratze ekonomikoa eta enplegua sortzea beharrezkoak dira noski, baina ez nolanahi. Ezin dugu utzi beste krisi batek gure gizartean desberdinkeria handienak jasaten dituzten pertsonak larrutzea” baieztatzen dute Sareko kideek.

Nafarrek erakutsi dute alderdi ekonomikoez harago loturak sor daitezkela, sareak inoiz baino gehiago indartu direla, elkartasuna balkoietan loratzen dela. Ez gara guztiok aterako krisitik, guztiok elkarrekin egin ezean, inor atzean utzi gabe”, azpimarratzen du Jesús Garcíak.

Horregatik guztiagatik Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Nafarroako Sareak pertsonak xede dituen Talka Plan bat eskatzen du, non eduki sozialak pisu nabarmena eta ezinbestekoa izango duen. Azkar ezarriko den plan bat, eraginkorra izango dena dagoeneko hauteman diren premiei erantzuteko. Arloan espezialistak izateagatik estrategikoak diren eragile guztien arteko adostasuna beharrezkoa izanik, Sarea jada laguntzeko prestutasuna adierazi du dagoeneko egin diren bileretan.

 

Aditu-sare baten lana 

Krisia hasi zenetik Sareak haren 30 entitateekin eta beste entitate-laguntzaile batzuekin lan egiten ari da krisi honen inguruan sortu diren premia, eskaera, kezka eta konponbide guztiak jaso eta aztertze aldera.

Lan horren emaitzetako bat Nafarroarentzat Plan Sozial bat prestatzeko proposamenen dosierra izan da, jada Nafarroako Gobernuaren Departamentuei aurkeztu zaiena.

Ia 50 orri dituen planak epe motzerako eta ertain-luzerako neurriak ditu ardatz, bai gizarteratzearen arlokoak –esaterako, laguntza pasiboak eta gizarte zerbitzuak– bai herritar horiek lagunduko dituen hirugarren sektorea indartzea xede dutenak. Baina, horrez gain, enpleguaren, etxebizitzaren, osasunaren, hezkuntzaren eta adingabeen arloetako neurri jakinak jasotzen ditu, izan ere, gizarte bazterketa egoeretan zahurgarrienak direla irizten da. Neurri horien azalpen laburra eman da prentsaurrekoan.

Plan Soziala kontsultatu.

Prentsa aurrekoa ikusi.