Talde eta erakunde sinatzaileok hauteman dugu plataforma sozial askok dugula lotura komuna, erakunde bakoitzak artatzen dituen pertsonentzako etxebizitzaren premia, hain zuzen. Haiekin lan egiten dugu eta eskubide hori izateko zailtasunak eduki ohi dituzte, euren jatorria, arrazalizazioa, generoa, adina, egoera administratibo edo sozioekonomikoa dela eta.

Ildo horretatik, azaroan, Arartekoak etxebizitza falta arazo larria zela Nafarroan adierazi zuen bere txostenean.

Arazo horri aurre egiteko indarrak batzeko garaia da; izan ere, bistakoa da egungo eskariari erantzuteko etxebizitza-parke publiko bat eta, orokorrean, etxebizitzaren gaiaren inguruko politika ausart bat falta direla Nafarroan.

Halaber, osasun-krisiak aurreko egoera larriagotu egin du; sistemaren gabeziak agerian utzi ditu berriro, eta orain inoiz baino beharrezkoagoak dira bai egiturazko neurriak, bai neurri espezifikoak, egungo egoerari aurre egiteko. Hala, orain “tregoa” bat bizi dugula esan dezakegu, Nafarroan eta Espainian hartutako larrialdi-neurriei esker. Hala ere, hala azken hilabeteetan jasan eta areagotu diren egoerak nola orain exekutatzen ari diren neurriak eta iragarritako, baina exekutatu gabeko, beste neurri batzuk kontuan hartuta, etorkizunean larrialdi-egoerak eta etxebizitza izateko eta mantentzeko egiturazko arazoak biziki larriagotuko direla pentsa dezakegu.

Otsailean, sinatzaile guztiok proposamen hauekin bat egin genuen, arazo larri-larri hori konpontzeko eskumena duten erakunde publikoei helarazteko asmoz.

1. Etxebizitza Hutsaren Erregistroa egitea, premia handiarekin, Nafarroan etxebizitzarako eskubidea ziurtatzeko neurri urgenteei buruzko uztailaren 2ko 24/2013 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

2. Leihatila bakarra arautzea, etxebizitza bat eskuratzeko egin beharreko kudeaketetarako.

3. Beharrezko foru-araudia onestea, etxebizitza-edukitzaile handiak alokairu soziala eskaintzera behartzeko, errentariak etxegabetuak izan badira.

4. Errentako etxebizitzetarako parke publikoa handitzea, kalitatezkoa eta inklusiboa, zaurgarritasun-egoeran dagoen pertsona ororentzat.

5. Babes ofizialeko etxebizitzei kalifikazio mugagabea ematea.

6. Araudia, indizeak, programak eta laguntza publikoen erregimena egokitzea, gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonen errealitate soziala kontuan har dezaten, haien eskaerei erantzute aldera.

7. Nafarroako udal guztietan etxebizitza hutsaren gaineko zerga onestea eta exijitzea.

8. Alokairu-poltsaren programa areago zabaltzeko ahalegin handiagoa egitea, poltsa handitu dadin, partikularrei beren etxebizitzak alokatzea sustatzeko, eta poltsaren beraren baldintzak hobetzea, etxebizitzak uztea erakargarriagoa izan dadin partikularrentzat.

9. Alokairuaren prezioa arautu eta mugatzeko neurriak bultzatzea, premia handiarekin, akordio programatikoan jasotakoarekin bat.

10. Pisu turistikoak ezartzeko araudia murriztea.

11. Arrazakeriaren eta aporofobiaren aurkako informazio- eta sentsibilizazio-kanpainak sustatzea.

12. Etxebizitzekin erlazionatutako politika sozialetan genero-ikuspegia txertatzea, emakumeek (guraso bakarreko familiek batez ere) etxebizitza bat eskuratzeko eta hura mantentzeko dituzten zaurgarritasun handi-handiko egoerak kontuan har daitezen.

13. Higiezinen agentziei zehapenak jartzeko mekanismoak ezartzea, errentariak genero, adina, etnia edo jatorriagatik diskriminatzen badituzte, edo errentako etxebizitza eskuratzeko baldintza lortezinak ezartzen badituzte, hala nola abalak edo lan-kontratu finkoak edo mugagabeak eskatzea.

14. Legezko mekanismoak ezartzea egoera juridiko irregularrean dauden pertsonek babes sozialeko etxebizitzak eskuratu ahal izan ditzaten.

15. Errefuxiatuei eta asilo-eskatzaileei lehenengo harrera egiteko etxebizitza gehiagoren lagapena lortzea, baita bazterkeria jasateko arriskuan daudenei ere.

16. Eskatzaileak benetan bizi diren bizilekuan erroldatuko direla bermatzea.

17. Harrera-zentroak irekitzea, sartzeko baldintzarik gabeak, eta etxebizitzarik ez duten pertsonentzako larrialdiko laguntzak ematea, antzinatasun- eta erroldatze-betekizunik gabe. Harrera-zentro espezializatuak sortzea, ez-masiboak, hiru eta sei hilabete bitarteko egonaldiekin (luzagarriak), mugimenduan dauden pertsonek aukera izan dezaten beren egoera legal, ekonomiko eta soziala egonkortzeko, eta bidaiderik gabeko adingabe guztiei arreta emateko behar den plaza-kopurua handitzea.

18. Etxerik gabeko pertsonentzako baliabideak sortzea Nafarroako lurralde osoan, etxebizitza ardatz dutenak (housing led).

 

Halaber, COVID-19ak egoera larriagotu duenez, aipatu proposamenei hainbat neurri gehitu nahiko genizkieke, etxebizitzetarako laguntza publikoak eskuratzeko mugei dagokienez batez ere, osasun-krisiak sortutako behar berriei erantzute aldera:

1. Alarma-egoeran egondako egoitza-baliabideak egungo baldintzetan mantentzea eskatzen dugu, konfinamenduan ez ezik, deskonfinamenduaren fase guztietan zehar. Bestetik, arau-erregulazio bat ere prestatzea eskatzen dugu, egoitza-baliabideak berriz ere urgentziaz berraktibatu ahal izateko antzeko presazko eta premiazko egoerak gertatzen badira, eta, ondorioz, berriro beharrezkoak badira.

2. Gainera, proposamen espezifiko hauek planteatzen ditugu EMANZIPA eta DAVID laguntzetarako:

Egoera administratibo irregularra duten pertsona guztiak laguntzetatik kanpo daude: pertsona horiek alokairua ordaintzeko eta babes sozialeko etxebizitzetarako laguntzak eskuratu ahal izateko modua bilatu behar da, denbora minimo batez erroldatuta egon izanaren aurrebaldintza betetzen badute betiere, edo gizarte-langileak gizarte-bazterkeria larriko kasuen barruan sartzen dela uste badu, hau da, larrialdi-laguntzak jasotzeko eskubidea badute.

Logeletan bizi diren pertsona eta familiek ere ezin dituzte laguntzak jaso: beharrezkoa da logeletan alokairuan bizi diren pertsona eta familientzat laguntza horiek jasotzeko aukera ere sartzea.

EMANZIPA laguntza jasotzeko hasieran ezarritako adin-mugen ezabapena egungo larrialdi-egoeratik harago mantentzea, mugarik gabe eta modu iraunkorrean.

2018ko errenta-aitorpena egina izateko eta gutxienez 3.000 €-ko diru-sarrerak edukitzeko beharra ezabatzea.

Eskakizun ekonomikoak aurreko urteetako errenta-aitorpenen arabera berrikusten direnez, baliteke bat ez etortzea laguntzak eskatzeko momentu errealeko egoerarekin. Denbora-desoreka hori konpondu beharko litzateke. Adibidea. Laguntzak jaso ahal izateko, aurreko errenta-aitorpenean diru-sarrera minimo batzuk eduki behar dira. EMANZIPAn egungo diru-sarrerak kontuan hartzea eta DAVIDen betekizun hori ezabatzea proposatzen dugu.

 

 

  • PAH Navarra
  • SOS Racismo
  • Red Navarra de Lucha contra la Pobreza y la Exclusión Social (Federación de 30 entidades)
  • Iruñea Ciudad de Acogida
  • Consejo Navarro de la Juventud
  • Plataforma papeles y derechos denontzat
  • Comisión Española de Ayuda al Refugiado, CEAR
  • Asociación Juvenil Yoar
  • Salhaketa Nafarroa
  • ESK
  • Federación de Asociaciones Gitanas “Gaz kaló”
  • Fundación Secretariado Gitano.
  • Elkarte Formación y Empleo
  • Traperos de Emaus Navarra
  • Sakana Harrera Arana
  • LAB
  • ELA
  • CCOO de Navarra
  • CNT Iruñea
  • Federación Batean
  • Asociación Buztintxureando Txuri
  • CGT/LKN Nafarroa
  • Andrea Lunes Lilas
  • Navarra Nuevo Futuro
  • Fundación Lantxotegi
  • REAS Navarra
  • Zaska Red Antirumores de Navarra