Gizarte Entitateen Plataformak Nafarroako Parlamentuaren Domina jaso du

Ganberak aintzatespenerako agertu duen adostasuna nabarmendu du Unai Hualdek eta Gizarte Entitateen Plataformak egoera zaurgarrian dauden pertsonen aldeko lanarekiko duen konpromisoa azpimarratu du

Nafarroako Gizarte Entitateen Plataformak Nafarroako Parlamentuaren Domina jaso du gaur eguerdian osoko bilkuren aretoan. Egoera zaurgarrian dauden pertsonen alde lan egiten duten lau sarek osatzen dute plataforma, zeina ikuspegi kolaboratibo batetik, baita maila instituzionalean ere, desberdintasun adierazpenen aurkako borrokari aurre egiteko sortu zen 2011 urtean, agindu etiko, sozial, politiko eta ekonomiko gisa.

Foru legebiltzarrak ematen duen sari gorena da, eta errekonozimendu horrekin, berariaz onetsi den adierazpen instituzionalean azaltzen denez, duela hamar urte batzea erabaki zuten kolektibo eta entitate guztien ibilbidea saritzen du, Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Ituna (2021-30) inspiratzen duen 2030 Agendan jasotako GJHekin bat etorriz, gizarte-eredu bidezkoago, orekatuago eta jasangarriago baten alde elkarrekin lan egiteko.

Ekitaldia 2021eko Nafarroaren Egunaren inguruan prestatutako jarduera programaren barnean antolatu da, eta han izan dira, besteak beste, María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Carmen Maeztu, Eskubide Sozialetako kontseilaria, José Luis Arasti, Gobernuko delegatua, Parlamentuko Mahaiko kideak eta Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztietako eledunak eta parlamentariak.

Unai Hualdek, hasteko, pobrezia eta desberdinkeria desagerrarazteko ekimen orok duen “adostasun politiko eta soziala” azpimarratu du. “Diru-sarrera eta baliabide faltatik haratago doan giza eskubideen arloko arazoa da”, eta, beraz, “gizarte antolatuaren inplikazioa eskatzen du, guztien artean Nafarroa indartsuago, anitzago eta sozialago bat eraiki ahal izateko. Hori da Gizarte Entitateen Plataformaren kasua, 160 kolektibo baino gehiago biltzen dituen sare adierazgarria, eta bide horri aitorpena egin nahi diogu”.

Testuinguru horretan, gizarte-ehunaren garrantzia nabarmendu du lehendakariak, “erakundeak ez baitira denera iristen”, eta “zerbitzu publikoak indartzen jarraitzearen alde” egin du, argaltze- eta murrizketa-garaia atzean utzita, “pandemiak eman digun lezioa barneratzeko eta gizartea hobetzen lagunduko duen hazkunde iraunkor, inklusibo eta iraunkorra sustatzeko. Hori da Legebiltzar honen konpromisoa, 2030 Agendarekin bat datozen politika eraginkorrak garatzea. Ezin da autokonplazentzian bizi desberdinkeria dagoen bitartean”.

Horretarako, eta otsailean sinatutako Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Itunaren (2021-30) eskakizunen esparruan, Unai Hualdek iragarri du Jarraipen Batzordea abian jarriko dela laster, eta jardunaldi batzuk antolatuko direla, desgaitasunen bat duten pertsonei buruzko Foru Legea egiteko prozesuarekin batera, ekitatezko eta kalitateko esparru bat eratzen laguntzeko, “pertsona guztientzako aukerekin, baita enplegu eta ekoizpen mailan ere”.

Amaitzeko, lehendakariak Ganberaren izenean eskerrak eman dizkio Gizarte Entitateen Plataformari, “gure gizartearen bizi-baldintzak hobetzeko egindako lanagatik eta inplikazioagatik. Oraindik lana dugu aurretik. Ezin dugu inor atzean utzi. Elkarrekin lanean jarraituko dugu. Eskerrik asko”.

Jarraian, Juan Luis Sánchez de Muniáin, Parlamentuko Mahaiko lehen idazkariak eta Maiorga Ramírez, Mahaiko bigarren idazkariak pasa den azaroaren 22an Eledunen Batzarrak aho batez onetsitako adierazpen instituzionala irakurri dute, zeinaren bidez Legebiltzarrak Gizarte Entitateen Plataforma osatzen duten entitate eta kolektiboen lana omentzen duen.

Era berean, Mahaiak aho batez Nafarroako Parlamentuaren Domina Gizarte Entitateen Plataformari ematea erabakitzen duen dokumentua ere irakurri dute.

Ondoren, Unai Hualdedomina eta erabakiaren eta adierazpen instituzionalaren testuak eman dizkio Jon Echeverría Gizarte Entitateen Plataformaren ordezkariari.

Saria jaso ondoren, Mari Luz Sanzek (CERMIN), Juan María Ericek (CONGDN), Jon Echeverríak (Red Pobreza) eta Edurne Arzelusek (REAS) “ohore gisa” kalifikatu duten saria eskertu dute, eta gizarte-kohesioaren defentsan eta sustapenean oinarritutako pobrezia- eta desberdinkeria-adierazpenekin amaitzeko eredu-aldaketaren aldeko konpromisoa berretsi dute.

“GEPrentzat ohore bat da gure lanaren, Nafarroan eta Hegoaldeko herrialdeetan pertsona guztien bizi-baldintzak hobetzeko egunez egun egiten dugun lanaren aitortza hau jasotzea. Duela hamar urte bat egin genuen pertsonak aurretik jarriko dituen eredu sozial bidezkoago baten alde elkarrekin lan egiteko. Pertsonak erdigunean jarri ditugu, bereziki egoera zaurgarri eta ahulenean daudenak, jakitun baikara mundu globalizatu batean gertatzen denak eragina duela eta guztion erantzukizuna dela”.

“Lanean jarraituko dugu inor atzean ez uzteko, eta espero dugu Ganbera honek gu entzuten jarraituko duela, gurekin batera lanean eta politika publikoak hobetzen. Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Ituna, eredu sozial eta ekonomiko jasangarriago baten aldeko borroka hau Nafarroako gizarteak partekatzen duela frogatzen duena, GJHak ezartzeko gure ibilbide-orria da. Helburu komun bat dugu. Hemendik gure konpromisoa berresten dugu. Eskerrik asko Legebiltzarrari, irabazi-asmorik gabeko 160 erakundeei eta GEPeko lau sareak osatzen dituzten ekonomia sozial eta solidarioko enpresei”.

Nafarroako Gobernuko Tronpeten eta Tinbalen Bandak ekitaldia musikaz lagundu du, eta Nafarroako Ereserkia interpretatu du. Nekane Itoiz, Andrea Loyola eta Daniel Artechek osatutako musika eta dantza taldeak ere parte hartu du, eta hiru poema taularatu dituzte: Aislinn Garciarenaren Esto es una cuenta atrás; Jara Calvorenaren Mar de Panthalasa; eta Geure gainetik izarrak bakarrik, Hedoi Etxarterena.

Gizarte Entitateen Plataforma (PES) honako hauek osatzen dute: Desgaitasuna duten Pertsonak ordezkatzen dituzten Entitateen Nafarroako Batzordea (CERMIN), Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea (REAS), Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundea (CONGDN) eta Pobreziaren eta Gizarte-bazterketaren aurkako Nafarroako Sarea.

Lau sare hauek Nafarroako 160 gizarte-erakunde baino gehiago ordezkatzen dituzte, garapenerako nazioarteko lankidetzan, gizarte-bazterketan, desgaitasunean, ekonomia sozial eta solidarioan, migrazioan eta osasunean lan egiten dutenak.

Plataformak gizarte-lan garrantzitsua egiten du erakundeekin batera bai Nafarroan eta bai eta herrialde pobretuetan desberdintasun-egoerak hobetzeko.

Compártelo en tus redes
Share on Facebook
Facebook
Tweet about this on Twitter
Twitter
Share on LinkedIn
Linkedin
Posted in Aktualitatea.