
Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren kontrako Nafarroako Sareak eztabaida bat sustatu du pobrezia eta gizarte-bazterketa politiken erdigunean jartzeko.
Hainbat alderdi politikotako ordezkariak (Geroa bai, EH-Bildu, CN-ZN, PSN eta UPN) Nafarroako Antzerki Eskolan izan dira euren politika sozialak azaltzen. Eztabaida 7 bloketan egituratu da: baliabide espezifikoak, prestazio ekonomikoak, etxebizitza, osasuna, hezkuntza, enplegagarritasuna eta generoa.
Ordu eta erdiko eztabaidan, ordezkari politikoek hurrengo legegintzaldiari begira pobreziarekin eta gizarte-bazterketarekin harremana dituzten erronkak azaldu dituzte, pertsona kalteberenentzako zerbitzuak, prestazioak eta aukerak hobetzera bideratutako erronkak.
Asko dira hurrengo legegintzaldian aurre egin beharreko erronkak, pobrezi eta/edo gizarte-bazterketa arrisku-egoeran dauden 95.000 pertsona horiei erantzuteko. Sarean sinisten dugu beharrezkoa dela pertsona kalteberenek bizi dituzten egoerak konpontzera bideratutako politika publikoak garatzea. Egoera konplexu horiek hainbat arrazoiren ondorio dira, eta askotariko dimentsioei eragin diezaiekete. Beharrezkoa da, baita ere, gizarte-bazterketaren kronifikazioa gelditu egoera horietan pertsona gehiago ez erortzeko eta pertsonek gure erkidegoan bizitza duina izan dezaten bermatzeko.
Horregatik, ordezkari politikoei konpromisoa har dezatela eskatzen diegu: 2027an Nafarroan pobrezia edota gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonen kopurua erdira murriztea eta pobrezia larria erabat desagerraraztea. Ez dagoelako aitzakiarik inor atzean uzteko.
Eskerrak ematen dizkiegu ordezkari politikoei eztabaidan parte hartzeagatik eta gizarte inklusiboago bat bilatzeko konpromisoa hartzeagatik.