Prekarizazioa, gizartearen estigmak eta hezkuntza sistemetara atxikitze baxua izatea dira enplegua lortzea oztopatzen duten faktore nagusiak.

Nafarroako Gobernuak apirilean eman dituen azken datuek islatzen dutenaren arabera, langabezia jaisten ari da (- % 11,01), ekonomia hazten ari da eta, gainera, jada ez da enplegua suntsitzen. Hala ere, zenbakien atzean dagoena irakurtzen ikastea beharrezkoa da pertsona horiengana hurbiltzeko, izan ere, egoera ezberdinengatik, kalitatezko enplegua lortzeko zailtasunak dituzte-eta. Nafarroan Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren kontrako Sarea osatzen duten entitateek pertsona horiei lagundu eta formakuntza emateko lan egiten dute enpleguaren eta lan-merkatuan txertatzeko bidea har dezaten.

 

Nafarroako gizarte entitateek enpleguan zailtasun handienak topatzen dituzten pertsonei laguntza eta babesa ematen diete laneratzeko ibilbide, formakuntza eta programa ezberdinak eskainiz.

Krisia hasi arte enplegua pobrezia eta gizarte bazterketa jasateko arriskua zuten pertsonak gizarteratzeko oinarrizko tresna zen. Merkatuaren prekarizazio handiaren ondorioz, gizarteratze prozesuetan zuen ahalmen integratzailea galdu duela esan dezakegu. Eduardo Sanzek, Haritz Berri Fundazioaren Gizarteratze eta Laneratze Enpresen arduradunak, honela azaltzen du: “Jada ez da behin betiko gizarteratzeko tresna bat. Egituratzailea izaten jarraitzen duen arren, jada ez du indar hori. Lan erreformak eskubideei dagokienez atzera egitea eragin zuen: soldatak oso baxuak dira, behin-behinekotasuna gehiegizkoa da, eta horri gastu arruntak igotzen direla gehitu behar zaio. Eragile horiek guztiak batzeak bazterketa egoeran dauden pertsonak oso oreka zailean egotea dakar. Ezberdintasun ekonomiko nabarmenak dituzten klasez osatutako gizartea dugu berriro eta aukeren berdintasuna kontzeptua zalantzan dago”.

 

 Pertsonak lan-merkatuaren itzalean 

Estatuko langabeziaren datuak jaisten diren heinean, pertsona atzerritarrenak igotzen dira. Hori Laneratze prozesuan aurkitzen dituzten zailtasunen adierazlea da. “Oztopo linguistikoak topatzen dituzte, baita kode sozial berriak ere eta haietara moldatu behar dute, laguntzen dituzten gizarte sare gutxiago daude orain, eta gainera, haien tituluak homologatu behar dituzte (prozesu luzea eta garestia da). Hortaz, pertsona migratzaileak nitxo laboral prekarioenetan bukatzen dute, haien ezaugarriak ezein direla ere”, dio Nafarroako SOS Arrazakeriako Beatriz Villahizánek.

Zailtasun handienak dituen beste kolektiboetako bat haien bizi-baldintzengatik gaur egungo hezkuntza sisteman kokatzen ez diren eta azkenean ikasketak utzi egiten dituzten pertsonena da. Hain zuzen, hamar pertsona langabetutatik zazpik oraindik ez dute Bigarren Hezkuntzako lehenengo zikloa baino altuagoa den formakuntzarik (Nafar Lansarea).

Arazo hau erkidego ijitoaren artean ohikoa da. Gutxi gorabehera, hamarretik seik (FSG, El alumnado gitano en secundaria un estudio comparado, 2013) ez dute Bigarren Hezkuntza bukatzen. Lana bilatzerakoan oztopoak topatzen dituzte, besteak beste, “formakuntza falta, nagusia, baina horri ijitoekin dagoen estigma handia gehitzen zaio, eta ez da egia. Ez dira alferrak, laneratzeko ahalegin handia egiten ari dira, eta nahiago dute ikasi eta lan egin Errenta Bermatua kobratzea baino”, azaltzen digu Inés Garcia FSG-Nafarroaren eskualdeko zuzendariak. Halaber, egoera txar horri aurre egiteko hezkuntza programa baten bidez eskola-absentismoaren kontra borrokatzeko apustu irmoa egiten dute.

Beatriz Villahizánek azaltzen duen moduan, egoera irregularrean dauden pertsonak dira beti ahaztuenak: “Bizileku baimenik ez dutenez gero, ez dute sarbiderik Nafarroako Lansareak eskaintzen dituen formakuntza eta orientazioetara. Baina bizileku-baimena lortu ahal izateko faktore nagusietako batzuk errotuta egotea eta urte betez gutxienez lanaldi osoan lan egin izana dira, eta hori ezinezkoa da”. Gainera, kolektibo horietako askok, lana eskuratzen saiatzen direnean, hautatze prozesuan bazterketa zuzena jasaten dute haien etnia edo jatorriarengatik. Halabaina, gutxi dira salatzera ausartzen direnak nahiz eta entitateek babestu egiten dituzten, izan ere, kasu horien kontrako frogak izatea zaila da, eta horrek haien aldeko ebazpena lortzea zaildu egiten du, eta are larriago, pairatzen dituzten pertsonek hain barneratuta dituztelako ezen ez dituzten eraso gisa sentitzen.

Salhaketa elkarteko Iranzu Baltasarrek ere espetxean egon behar izan diren pertsonei eskaintzen zaien sustapen eta erraztasun urria salatzen du: “Pobreziaren altzoan jaiotzeagatik bizitzako hainbat alderditan zaurgarriak diren pertsonak dira. Ez dute altzo hori aukeratu, baina bai are gehiago estigmatizatu espetxean egon izanagatik. Gauza oinarrizkoak, curriculuma idaztea esaterako, ia traumatikoak dira, karneteko argazki bat eta haien bizitza nolakoa izan den identifikazio deskriptibo bat jartzeari aurre egin behar diote”.

 

Formakuntza ibilbideak eta enplegua bilatzeko laguntza

 Nafarroako gizarte entitateek hainbat programa eta ibilbide garatzen dituzte pertsona zaurgarrienei, langabezian dauden pertsonei, Errenta Bermatua jasotzen dutenei edo/eta Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileei bideratuta.

Gaztelan Fundazioak pertsona horiekin lan egiten du. Hiru alorretan babesa eskaintzen du: garapena formakuntza teknikoak eta gaitasun pertsonalen garapena; lanerako orientabidea –hortik lan bilaketa pertsonalizatua antolatzen da-; eta, laneratzea erraztea enpresak aztertzea edo norberaren konturako langile izaten lagunduz. Araceli Cueli, “Incorpora” programaren enplegu teknikariak, laguntza denboran mantentzeak duen garrantzia nabarmentzen du: “Pertsona hauekin prozesuak mugagabeak dira, laguntza prozesu osoan zehar eman behar da, zailtasunak hautematen direnetik laneratu arte. Gainera, ez dira pertsona horiek behar dituzten gizarte aukerak sortzen ari, horregatik haien zerbitzura egongo gara gure laguntza behar duten aldiro”.

Beste entitateetako batek, Gosearen Aurkako Ekintzak, “Vives Emplea” programaren bidez 25 parte-hartzailerekin lan egiten du ekipo bat sortzen, gaitasunak garatzen, haien bertuteak balioesten eta enpresekin harremanetan jartzen ikas dezaten. Silvia Costa gizarteratze eta laneratze teknikariak dioenez, “helburu nagusia lan bilaketarako behar dituzten tresnak izan ditzaten eta autonomoak izan daitezen baldintza egokiak sortzea da”.

 

Gizarteratze eta laneratze enpresak, merkaturantz abiada hartzeko plataformak

Kaltetuen dauden langabeek Gizarteratze eta Laneratze Enpresetara jo dezakete. Enpresa horiek inguru produktibo batean lan-ibilbide bat eskaintzen dute eta bazterketa arriskuan dauden pertsonak edo iraupen luzeko langabetuak enplegu normalizaturanzko trantsizioa egiten ahalbidetuko die. Pertsona onuradunak diru-laguntzak eta subentzioak jasotzen dituzten subjektu pasibo izatetik lan egiten duten eta laneratzeko haien baldintzak hobetzen dituzten subjektu aktibo izatera igarotzen dira. Horrelako enpresa bat duen entitateetako bat Nafarroako FSG da. Nabuten 2017. urtean 50 pertsona inguruk lan egin dute, eta garbiketa, ikuzketa eta garraio eta lekualdatze zerbitzuak eskaintzen dituzte, besteak beste.

Gazteen errealitatea ere ez da samurragoa. Langileen Batasun Orokorrak orain gutxi idatzi duen txosten baten arabera, gazteei, krisia baino lehenagoko egoerarekin alderatuta, lau aldiz gehiago kostatzen zaie lana topatzea. Biztanleen sektore honekin lan egiten du Haritz Berri Fundazioak. Gizarteratze eta laneratze enpresa bat du non emantzipazio prozesuan dauden gazteek lorezaintzaren sektorean lan egiten duten. Eduardo Sanz, Gizarteratze eta Laneratze Enpresaren arduradunak, azaltzen duenez “iristen direnean errutina bat eta independentzia ekonomiko bat izaten hasten dira, eta horrek pertsona moduan garatzea ahalbidetzen die. Zeharka prozesuak irauten duen bitartean laguntza ematen zaie eta esku-hartze soziala egiten da tutoretza eta ebaluazioen bidez. Garrantzitsuena haiek beraien xedeak eta lehentasunak ezar ditzaten da”. Abiada hartzeko plataforma honek, hala definitzen dute, gazteak enplegu normalizatu batean txertatzea du helburu, betiere parte-hartzaile bakoitzaren prozesua errespetatuz eta formakuntza teknikoa eskainiz merkatuan aukera gehiago izan ditzaten. Biztanle horien guztien laneratzea egiaz eman dadin, Sanzek baliabide gehiago eskatzen ditu gizarteak era honetako zerbitzuei dagokienez duen eskari handiari erantzun ahal izateko, izan ere, Nafarroa osoan enpresa hauek 200 plaza baino gutxiago eskaintzen baitituzte. Horrez gain, inbertsio bat eskatzen du pertsona horiei laguntza egokia eskaini ahal izateko.

Gizarteratze eta laneratze enpresa bat duen beste entitate bat Varazdin Fundazioa da. Bertan, 55 pertsonak lan egiten dute eta Nafarroako beste enpresa batzuei zerbitzu ematen die. Eduardo Jiménezek, fundazioaren kudeatzaileak, entitateek sarean egiten duten lana balioesten du: “Oso pozgarria da egoera txarrean dauden pertsonek, ahalegin handia eginez, haien bizitza erabat aldatzea lortzen dutela ikustea. Normalean, hona iristen direnerako aldez aurretik beste entitate eta zerbitzu batzuetatik igaro dira. Guztiak dira garrantzitsuak prozesu honetan”. Halaber, enpresetan 5-6 pertsonatako lan-uharteak sortzen dituzte eta horrela haien lanaren kalitatea gainerako langileena bezain ona dela frogatzen dute, aldi berean, kontratazioa erraztuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.