Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua eguneratzeko proposamenaren ondorioz, kontzeptu hori bizitza politikoan eta Nafarroako gizartean agertu da berriro.

Baina azter dezagun kontzeptua: zer da zerbitzuen zorroa eta zergatik da beharrezkoa hori aldatzea?

Gizarte Zerbitzuen Zorroa pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurka borroka egiteko elementu arauemaile nagusia da, bertan jasota baitaude biztanleriak balia ditzakeen eskubide subjektiboak, galdegin ditzakeenak. Zehazki, barne hartzen ditu Nafarroako Gobernuak hitzemandako zerbitzu eta prestazio guztiak, edozein arrazoi tarteko premia egoeran edo/eta zaurgarritasun egoeran dagoen pertsona orori bideratuak.

Ildo horretan, Nafarroako Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren kontrako Sareak zerbitzu horiek guztiak berma daitezela eskatzen du, horien hartzaileak egoera ahulenean dauden herritarrak baitira, hala nola mendekotasunen bat duten pertsonak, adinekoak, desgaitasunen bat edo buruko gaitzen bat dutenak, bazterketa arriskuan edo egoeran daudenak, adingabe babesgabeak eta genero indarkeriaren biktimak.

“Gizarte gaiak” Nafarroako Gobernuaren eskumena direnez, araudi hori 2008an zehaztu zen, eta bertan deskribatu ziren Gobernuak eman beharreko zerbitzuak eta prestazioak. Hori gertaera garrantzitsua izan zen gizarte eskubideen eraikuntzan, baina egoerak gainezka egin zuen laster, gora egin zuelako pobrezia egoeran edo/eta gizarte bazterkeriako egoeran erori ziren pertsonen kopuruak eta krisi ekonomiko eta sozialak berekin ekarri zituelako behar berriak.

Zerbitzuen hartzaileek zaurgarritasun espezifikoa pairatzen dutenez, bereziki garrantzitsua da Zorroa etengabe egokitzea, Nafarroako Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren kontrako Saretik legealdi osoan zehar behin eta berriz aldarrikatu izan dugunez. Hortaz, azken urteetako immobilismoa ulertezina iruditzen zaigu. Denbora oso baliotsua galdu dugu gizarte politika eraginkorrak ezarri ahal izateko, aukera emango zietenak herritar zaurgarrienei pobreziaren zirkulutik eta gizarte bazterketatik irteteko, edo egoera arintzeko, behintzat.

Zerbitzuen Zorroa aldatzeko proposamen berri hau eratu eta aurkezten den testuingurua ere ez da onena. Nafarroako Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren kontrako Sarearen ustez, eremu sozialean edozein aldaketa egiteko beharrezkoa da gogoeta lasaia eta baterako azterketa egitea tartean diren eragile guztien artean: pobrezia eta gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonak, hirugarren sektorea eta administrazio publikoa. Are gehiago Nafarroan bizi diren pertsona guztien gizarte eskubideak aldatzeaz ari bagara.

Ildo horretan, badakigu administrazioak mugak dituela politiken arazo, behar, alderdi eta ondorio guztiak ezagutzeko, eremua konplexua delako. Horrexegatik, atseginez lan egingo genuen pertsona horiek egunerokoan gainditu behar duten errealitate latza hobetzeko tresnen diseinuan, egiaz parte hartuz. Partaidetza horrek estrategikoa izan behar zuen, eta barne hartu behar zituen alde guztiak. Partaidetza irekia behar zuen izan: prest egon behar zuen pobrezia egoeran eta gizarte bazterkeriako egoeran dauden pertsonen, hirugarren sektorearen eta administrazio publikoaren arteko eztabaida eta horien guztien proposamenak entzuteko. Eta bermatuta egon behar zuen, ez lauko gobernuarekin batera adostutako proposamen zirriborro itxi batean oinarritua.

Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuak eman digun epe laburrean gogor lan egingo dugu, ahalik eta gizarte lorpen handienak lortzen saiatzeko, oro har gizartearekiko eta bereziki zaurgarritasun egoeran dauden biztanleekiko hartua dugun konpromisoa berretsiz, guzti-guztiek eskubideak baldintza beretan eskura ditzaketela bermatzeko.

 

Nafarroako Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren aurkako sarearen Batzorde Iraunkorra: Rubén Unanua Ruiz, Amaia Leranoz Madariaga, Gara González Santana, Patxi San Martín Arbilla, Iranzu Baltasar Martín, Lydia Almirantearena Larrañeta eta Beatriz Villahizan Lagunas.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.